XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Portua, txikia, tipikoa guztiz, marinel edo arrantzaleen artean ohizkoak diren etxez inguratua dago.

Olatuen itsasausi bereziak, hainbat ehundaka metrotakoa baita hori, surfaren paradisu bihurtu du Mundaka, mundu osoan ezaguna izateraino; ez da harritzekoa, beraz, munduko edozein bazterretatik etorritako gazteak ikustea, beren taulak hartu eta ibaiadarrean sartzen den uhin luzearen gainean doazela.

Mundakatik Bermeora 4 kilometro besterik ez dago, kostaldeko errepide panoramiko zoragarrian. Behin Bermeora iritsi ondoren, antzinako harresi edo murruko atean barrena hiri barrura sartuko gara, zuzenean Udaletxeko Plazara iritsiz. Arostegi kaietik jarraituz Santa Eufemiaren elizara eta Parkera irtengo gara. Portu ondoan kotxea utzi eta oinez ibilalditxo bat egitea gomendatzen da.

BERMEO, Bizkaiko (hiri)burua izan zen, Errege Katolikoengandik jaso zuen tituluaren arabera, garai hartan bera baitzen hiri nagusia, poblaziorik gehien zuena, aberatsena eta boteretsuena. Garai hartan inguruan zeuzkan zazpi harresietatik (bakoitza ate banarekin), bakarra geratzen da, San Juan-ena. Geroxeago Bilbok kenduko zion hiriburua eta baita merkatal portu garrantzitsuena izatea ere.

Herriaren bihotza portuan aurkitzen da, horixe baita bere izatearen arrazoia eta ukaezinezko gune ekonomikoa. Kantauri itsasoko garrantzitsuena den untzi-taldea edo flota, baxurako arrantzakoa hain zuzen, portura iristen den egunetan ikuskizun ederra izaten da kolore anitzeko itsasuntziak, bata bestearen ondoan pilatuak ikustea, marearen konpasean gora eta behera mugitzen direla. Edota arraina nola ailegatzen den ikustea, untzietatik Lonjara nola pasatzen den, berehalaxe enkantera ateratzeko.

Portuaren ondoan Plaza dago eta bertan Kasinoa. Beste muturrean, Lonjaren eta Arrantzale-Kofradiaren atzean aurkitzen da Bermeoko tenplurik zaharrena, SANTA EUFEMIAREN ELIZA hain zuzen, XIII. mendean eraikia, hasierako estilo gotikoan. Eliza hau zin-eliza ere bazen, hau da Bizkaiko Jaunak lurraldeko foruak gordeko zituela aginduz zin egiten zueneko elizetako bat. Barrualdetik nahiko sinplea da, baina dotorea aldi berean.

PORTU ZAHARRA** da Bermeoko txokorik tipikoena. Hasierako portu txikia, arrantzale-etxe ederrez inguratua dago, kolore bizi-biziko etxeak, ñibirri-ñabarrak. Portuaren gainean, eta inguru osoa bere murru gogor eta sendoekin dominatuz ERCILLA DORREA altxatzen da, Monumentu Historiko Artistikoa, Alonso de Ercilla, La Araucana izeneko poema epikoaren egilearen jatorrizko leinu-etxea. Gaur egun bertan dago instalatua ARRANTZALEAREN MUSEOA*.

Bermeotik abiatuz Bizkaiko gainerako mendebal-kostaldea ezagutu nahi duenak, aski dauka errepide beretik jarraitzearekin, kostalde osoan barrena itsasertzetik doan erlaizean zehar, bertan bisitariak ustekabe atseginak aurkituko ditu-eta.

Bermeo (portua)